Olatz

Olatz

Ba al dakizu zer den belauneko bursitisa?

Beluaneko bursitisa duen gizon bat kamilan eserita dago hankak lurrean dituelarik. Eskumako oina baloi urdin baten gainean du. Ondoan fisioterapeuta dauka. Honek diatermia aplikatzen dio eskuin belaunean.

Belauneko bursitisa, belaunean dauden burtsen inflamazioa da. Burtsa, giltzadura lubrikatzeko eta honen mugikortasuna errazteko likido sinobiala duen poltsa moduko bat da. Gaurkoan, belauneko bursitisa izan duen pertsona baten kasu klinikoa kontatu nahi dizugu.

Orain dela urte batzuk belauneko meniskoa apurtu zuen 69 urteko gizonezko baten kasua da. Ez du ebakuntzarik izan meniskoa konpontzeko eta belaun horretan artrosia du. Oso pertsona aktiboa da (mendia izugarri gustoko du), baina noizean behin belaunak geratzea eskatzen dio. Kasu honetan adibidez, bere belauneko bursitisak geldiarazi zuen.

Hantura honen ondorioz intentsitate handiko bapateko min akutua agertu zitzaion, mugikortasunaren galera handiarekin batera. Ez zen 90º-ko flexioa egiteko gai. Herrenka ibili behar zen, ibiltzeko ia ezintasunera ere iritsiz.

Zein tratamendu egiten dugu belauneko bursitisa tratatzeko?

Hasierako tratamenduak hantura gestionatzea eta mugikortasuna lantzea izan du helburu. Horretrako drainatze linfatikoa, mugikortasun ariketa pasibo suabeak, diatermia eta lagundutako mugikortasun ariketa aktiboak erabili ditugularik. Makuluarekin zelan ibili behar duen ere erakutsi diogu.

Egun batzuk beranduago, hantura eta mina normalizatuz joan diren heinean, aurretik egindako lanari behe atalen indar lana gehitu diogu. Makulurik gabeko martxa egokia ere landu dugu eta propiozepzio lana. Lan hoenen helburua, belaunaren inguruko egiturar indartsu egotea eta desalineazioak ekiditea da, belauneko bursitisa berriro ere eman ez dadin.

Eboluzioa

3 aste beranduago alta ematen diogu eta bere ohiko jarduerari ekin dio berriro ere. Bere kasua aurkeztu nahi dizugu urtarrilean egindako ibilbideen berri eman digulako. Bertan ikus dezakegu urtarrilean 600.000 pausu eman dituela, 350 km ibiliz (eguneko media 11,51 km-koa delarik). Ikus dezakezunez, lesio kroniko baten ondorioz sortutako krisi akutu baten ondoren, tratamendu egoki bat erabiliz ohiko jarduerak egitera bueltatu gaitezke.

Ezagutzen al zenuen belauneko gaitz hau? Lesio honen inguruko zalantzarik baldin badaukazu esaiguzu eta zalantza guztiak argitzen saiatuko gara.

AKILES FISIOTERAPEUTAS

Unamuno Plaza 2, Bilbo. 944 029 981

akiles@akilesfisioterapeutas.com

Diafragmaren tratamendua. Noiz eta zertarako egiten dugu?

Fisioterapeuta bat dago emakume bateri diafragmaren tratamendua egiten. Emakumea gora begira etzanda dago, sabelaldea estali gabe duelarik. Fisioterapeutak esku bat pazientearen ezkerraldeko sahietsen gainean du eta bestea eskua sabelaldean, kontrako norantzan, hatzamarrak sahietsen azpitik sartzeko asmoz.

Ziur gaude behin baino gehiagotan entzun diozula ezagutzen duzun norbaiteri, fisioterapeutarengan joan eta diafragmaren tratamendua egin diotela. Baina ba al dakizu zertan datzan tratamendu honek?

Lehendabizi, diafragma zer den azalduko dizugu. Diafragma, kupula forma duen gihar bat da. Saihetsak behekaldetik estaltzen ditu, torax barrunbea (birikak eta bihotza daude bertan) barrunbe abdominaletik (urdaia, gibela, hesteak,… daude bertan) banatzen dituelarik.

Zein da diafragmaren funtzioa?

Bere betebehar nagusia arnas prozesua da. Arnasa hartzen dugunean jeitsi egiten da, horrela torax kutxa handitu eta airea birikietara sartzea ahalbidetuz. Airea botatzerakoan aldiz, berriro ere igo egiten da, toraxa txikituz eta honek birikak uzkurtzen dituenez airea kanpora joaten delarik.

Baina diafragmak ondorengo funtzioetan ere lan egiten du:

  • Posturaren mantentzea
  • Erraien mugikortasuna, hauek beraien funtzioak bete ditzaten
  • Odol itzulera, behe ataletatik bihotzera
  • Presioen gestioa

Horrela izanik, posturaren alterazioek, estres egoerek edo antsietateak, arnasketa patroi desegokiek, etab. diafragman tentsioak sor ditzakete, honen funtzionamenduan eragin negatiboak sortuz. Honen ondorioz, diafragmak funtzionaltasuna gal dezake eta mina agertu daiteke bertan ala bizkarraldean.

Nola egingo dugu diafragmaren tratamendua?

Fisioterapiaren alorretik diafragmaren tratamendua burutzeko hainbat lan-tresna dauzkagu: esku terapia, kutxa torazikoa mugitzeko ariketak, gimnasia abdominal hipopresiboa, etab.

Ikus dezakezunez, diafragmaren ongizatea funtsezkoa da eta horregatik hainbat kasutan burutzen dugu bere tratamendua: bizkarreko edo sorbaldako mina dagoenean, arnas funtzioa hobetu behar denean, kirol errendimenduaren hobekuntzarako, zoru pelbikoa tratatzen dugunean, erraien funtzionamendua hobetu nahi dugunean, etab.

Eta zuri, egin al dizugu inoiz? Zalantzarik baldin badaukazu ala gehiago jakin nahi baldin baduzu, galdetu egiguzu.

Teknika miofaszialak. Zer dira eta zertarako erabiltzen ditugu?

Emakume bat, gora begira etzanda eta musukoa jantzita, teknika miofaszialak jasotzen dituen bitartean. Fisioterapeutak esku bat emakumearen garondoan du eta bestea, toraxaren goikaldean, presio arin bat eginez. Emakumea gustora dagoela dirudi, begiak itxita baititu.

Estresa, hotza, postura txarrak, bruxismoa, lepoko giharren indar falta,… Gauza asko izan daitezke lepo eta buruko minak agertzearen jatorria. Gaur, teknika miofaszialak zer diren azalduko dizugu, kasu hauetan sarritan erabiltzen ditugulako. Ezagutzen al dituzu? Fasziaren sistemaren adherentziak askatu eta gihar sistemari bere mugikortasuna berreskuratzea helburu duen metodoa da. Honekin lortu nahi dugun azken helburua, mugikortasun arazoak konpondu eta mina kentzea delarik.

Baina, zer da faszia?

Faszia kolagenoz osatutako ehun konektibo bat da. Gorputzaren barne egitura guztiak (gihar zuntz eta gihar taldeak, odol hodiak, nerbioak, erraiak,…) etenik gabe inguratzen ditu, pinetatik hasi eta bururaino, gure gorputzeko egitura guztiak elkar lotuz.

Fasziaren sistemak giharraren mugikortasuna ahalbidetu behar du. Baina sistema honetan mugiemndu galera bat dagoenean, fasziak gorputzeko egitura guztiak elkar lotzen dituenez, mugikortasun galera hau, arazoa agertu den tokitik urrun dauden beste egitura batzuetan ere somatu daiteke.

Zeintzuk dira teknika miofaszialen helburuak?

Esku terapiaren barne dauden metodoetariko bat da, asko erabili ohi duguna mugikortasun galera baten ondorioz mina agertzen denean. Metodo honekin ondorengo helburuak lortzea bilatzen dugu:

🔸Mina kendu edo arindu.
🔹Lokomozio aparatuaren funtzioa berreskuratu.
🔸Odol jarioa handitu. Horregatik, orbaintzea behar dugunean ere interesgarria da.
🔹Gorputz dinamika hobetu, mugiemndu koordinatu eta eraginkorrak lortuz.

Nola burutzen da tratamendua?

Teknika miofaszialak, eskuekin egindako presio luze, baina arinen bidez egiten dira. Presio hauek, beste teknika batzuetan egiten ditugunak baino arinagoak direnez, oso atseginak dira eta erlaxazio efektu bat sortu ohi dute. Gure #fisioterapia saioetan beste teknika edo metodo batzuekin batera erabili ohi ditugu: hala nola, mugikortasun ariketak, neurodinamia ala nerbio sistemaren mugikortasuna lantzeko ariketak, ariketa terapeutikoa ala esku terapiako beste teknika batzuk. Oso teknika lasai eta atseginak direnez, estresak sortaraziko min eta tentsioak agertzen direnean oso baliagarriak izaten dira.

Eta zuk, probatu nahi al dituzu? Etor zaitez gu ikustera eta frogatzeko aukera izango duzu.

Fisioterapia haurdunaldian

Fisioterapia haurdunaldian. Haurdunaldiko azken hilabeteetan dagoen emakume bat fisioterapiako saio bat jasotzen ari da. Belauniko dago, besoak eta bularraldea baloi gorri handi baten gainean dituelarik eta fisioterapeutak eskuak bere bizkarrean dauzka, bizkarreko mina kentzeko teknikaren bat egiteko.

Ba al zenekien fisioterapia haurdunaldian ez dela erditze aurreko saioetan egiten dena bakarrik?

Fisioterapia haurdunaldian zehar egiten dugunean, ez da erditzea prestatzeko saioetara mugatzen. Haurdunaldian zehar hainbat min agertzen dira (gerrialde eta bizkarreko minak, pubis edo aldaketakoak,..) eta horiek ere tratatu ohi ditugu.

Baina ez hori bakarrik, hanketako hantura ere oso ohikoa izaten da garai honetan (batez ere tenperaturak altuak izaten direnean) eta horrek sortarazten dituen ezinegon eta minak tratatzea ere ohikoa izaten da. Hau tratatzeko, drainatze linfatikoa egiten da.

Jarduera fisiko terapeutikoa haurdunaldian

Ezin dugu haipatu gabe utzi jarduera fisiko terapeutikoak haurdunaldian dituen onurak. Emakume askok uste dute haurdunaldian zehar ezin dutela jarduer fisikorik egiten jarraitu. Baina kasu gehienetan (ez beti, horregatik aurre ebaluaketa bat egin beharra dago), egitea posible da eta are gehiago, onuragarria. Hala ere ezin dugu pentsatu, haurdun geratu aurretik egin genezakeen berdina egiten jarraitu dezakegunik edota, berdina egin baina intentsitatea gutxitzearekin nahiko denik.

Esan bezala, aurre ebaluaketa bat egin beharra dago eta ikusitakoaren arabera, bakoitzarentzako hoberena den entrenamendu mota ezarriko da. Fisioterapiaren bitartez, jarduera terapeutikoa gomendatu dezakegu, kirol fisioterapian aditua den pertsona batek agindu eta gainbegiratua. Akilesen, Olatz daukagu horretarako. Bera, jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzietan lizentziatua da eta zurekin batera egon daiteke bizitzako momentu garrantzitsu honetan.

Baina taldean lan egiten jarraitu nahi baldin baduzu, Akilesen Pilates egiteko aukera ematen dizugu. Gure lan taldeak oso txikiak dira (6 pertsona gehienez) eta horrek, ariketak eta saioak haurdunaren egoerara moldatzea ahalbidetzen digu. Pilateseko saioak banaka egiteko aukera ere badaukazu (horrela, zuk aukeratu dezakezu hoberen datorkizun ordutegia eta maiztasuna).

Ikusten duzunez, zoru pelbikoan adituak diren fisioterapeutek egiten duten lanaz gain, beste hainbat aukera ere badauzkagu zuri eskeintzeko haurdun baldin bazaude.

Zalantzaren bat argitzea nahi baldin baduzu jar zaitez gurekin harremanetan akiles@akilesfisioterapeutas.com helbidera mezu bat igorriz ala 677399489 zenbakian Whatsapp bidez. Zalantza guztiak argitzeko prest gaituzu!

Gai honen eta tratatzen ditugun beste batzuen inguruan informazio gehiago nahi baldin baduzu, jarrai ezazu gure instagrameko profila.

ZERBIKAL JATORRIDUN BURUKO MINA

Zerbikal jatorridun buruko mina duen emakume baten bizkar eta burua ikusten ditugu. Hatzamarrekin okzipital ingurua ikutzen du mina arintzeko asmoz.

Zerbikal jatorridun buruko mina, zerbikaletan hasi eta lepotik gora bururaino doan mina da. Min hau bekokiraino edota begietaraino iritsi daiteke.

Kasu askotan posturak luze mantentzeagatik edo zerbikalen mugimendu errepikakorrengatik agertzen dira min hauek. Baina minaren oinarria ez da gihar mina soilik, lepoko beste egitura batzuetan ere egon daiteke min honen oinarria, hala nola, zerbikaletako disfuntzio batean.

Zeinuak eta sintomak

Kasu horietan, mina lepoko mugimenduen bidez edota lepoko jarrera jakin batzuk mantentzean eragin dezakegu. Zerbikal altuen edo okzipitalen gaineko presioak ere erreproduzitu dezake min hau.

Mina lehenengo lepa ornoen inguruan (zerbikal altuen inguruan) hasi ohi da eta hemendik bururantza igotzen da. Minik handiena okzipital inguruan somatzen da normalean eta kasu askotan bekokiraino ere iristen da, begietaraino iritsi daitekeelarik.

Zerbikal jatorridun buruko mina duten paziente gehienek lepo inguruko ornoen mugikortasuna mugatua izaten dute. Askotan, aurrekari traumatikoren baten ondorioz. Mugikortasun galera hau fisioterapiaren bitartez landu eta hobetu dezakegu.

Beste sintoma batzuk ere agertu daitezke kasu batzuetan, baina ez dira hain ohikoak izaten: goragalea edo okadak, bertigoa, fonofobia, fotofobia, disfagia,…

Tratamendu fisioterapeutikoa

Fisioterapiarekin buruko min hau tratatu dezakegu modu oso eraginkorrean. Horretarako, ondorengo teknika hauek erabili ditzakegu:

🔹Trigger point-en tratamendua modu inbaditzailean (puntzio lehorra) edo kontserbatzailean (konpresio iskemikoa).
🔸Okzipital inguruko ehunen inhibizioa eta tratamendu miofasziala.
🔹Mugikortasuna lantzeko teknika aktibo, zein pasiboak.
🔸 Terapia bestibularra. Lepoko egituren, buruaren eta begiradaren egonkortasuna lantzeko ariketak.
🔹Esku terapiako beste teknika batzuk.
🔸Hezkuntza. Oinarrizkoa da terapia guztietan. Pazienteari bere minaren jatorria azaltzen diogu eta herramintak ematen dizkiogu bere mina kudeatu ahal izateko eta autotratamendua bideratzeko.

Eta zuk, izan al duzu inoiz zerbikal jatorridun buruko minik? Ez ezazu berriro agertu arte itxaron. Inoiz horrelako minik jasan baduzu ala zalantzarik badaukazu, galdetuiguzu eta zalantzak argitu eta min hauek kudeatzen lagunduko zaitugu.

TALDE SAIOAK

Talde saioak egiten ditugunean horrelako ariketak egiten ditugu: emakume bat oin bat aurreratua duela eta bestea bloke txiki batzuen gainean, atzean. Eskuak banda elastiko batekin lotuak ditu, erresistentzia horri aurre egiteko. Postura horretan, sentadila bat eginez makurtua dago.

Udako geldialdiaren ostean, talde saioak berreskuratu ditugu berriro ere. Ziur zuk ere zure gorputza zaindu eta mugitzeko gogoa daukazula, ezta? Ba ikus ezazu zer prestatu dugun aurten zuretzako!

Akiles Fisioterapeutasen talde saioak talde oso murriztuetan eskaintzen ditugu: 6 pertsona gehienez. Saio hauek gidatzen ditugun guztiok fisioterapeutak gara eta gure ezagutzak erabiltzen ditugu zuzenketak egiteko, baina baita ere beharrezkoa izatekotan, ariketak moldatu ala aldatzeko.

⭐ Ezagutzen gaituzunez, jakingo duzu eskaintzarik handiena Pilateseko saioetan dugula. Hauek dira oraintxe bertan aktibo dauden taldeak:

Astelehen eta asteazkenetan: 9:00, 10:00, 17:00, 18:00, 19:00 y 20:00

Astearte eta ostegunetan: 10:00, 17:00, 18:00, 19:00 y 20:00

Baina Pilateseko saioetaz gain, beste jarduera hauek ere esakintzen dizkizugu:

Haurdun zaude? 🤰

Haurdun dauden emakumeentzako bereziki prestatuak diren Pilateseko saioetara etortzera animatzen zaitugu. Baina eskaintzen dizugun ordutegia ez badator zurearekin bat, ez zaitez arduratu, talde normaletan sartzeko aukera ere badaukazu. Gogora ezazu Pilateseko saio hauek fisioterapeutok ematen ditugula eta ariketak zure beharretara egokitu ala ariketak aldatzeko gaitasuna daukagula. Gainera, taldeak hain txikiak izanik (6 pertsona gehienez), egiten duzuna kontrolatuko dugu momentu oro eta ez duzu inolako arazorik izango saio hauek egin ahal izateko.

🤱 Ama izan berri zara?

Orduan, erditze osteko saioak izango dira zuretzako aproposenak. Ala nahiago baldin baduzu, gimnasia abdominal hipopresiboa egitera etor zaitezke. Gainera, amatxuentzako ordutegi berezi bat daukagu, hipopresiboak egitera haurrekin etorri ahal izateko! Ondo bait dakigu oso zaila dela lehenengo hilabeete horietan haurrarengandik aldentzea.

Zoru pelbikoa lantzeko talde saioak

Eta aurten, zoru pelbiko aktiboko saioak berreskuratu ditugu. Saio hauetan gure zoru pelbikoaren egoera hobetzeko eta jarduera fisikoa zoru pelbikoa kaltetu gabe egin ahal izateko aukera ematen dizugu. Bertan ariketa mota ezberdinak proposatuko dizkizugu (hain ezagunak diren Kegelen ariketak eta hipopresiboak besteak beste). Saio hauek, emakume zein gizonezkoentzat pentsatuak dira.

⭐ Hauek dira gaur egun aktibo dauden ordutegiak: astearteetan 11:00etan eta ostegunetan 16:00etan.

Ikusten duzunez, aukera asko dauzkagu zuri eskaintzeko, zeinetara apuntatuko zara?

Sortzetiko oin zanboa

Haur jaioberri baten oin zanboak. Oinak barrurantza eta beherantza okertuta daude sortzetiko oin zanboa dela eta.
Sortzeteiko oin zanboa

Zer da sortzetiko oin zanboa?

Haurrengan aurki ditzakegun gaitzen artean gauekoan sortzetiko oin zanboa zer den kontatuko dizugu. Oinetako gihar, hezur eta tendoiek pairatzen duten jaiotzetiko malformazio bat da. Horren ondorioz, haurraren oina beherantza eta barrurantza okertzen da. Postura hori zurruntasunez mantentzen. Oin batean, zein bietan gerta daiteke.

Jatorriak genetikoak ala ingurumenarekin loturikoak izan ohi dira. Deformazioa haurdunaldiaren bigarren hiruhilekoan eman ohi da, oina azkar handitu eta umetokiaren barruan posizio ezegoki bat hartzen duenean. Ekografiaren bitartez ikus daitekeen arren, askotan ez da jaiotza arte detektatzen. Oinak izaten duen posizio berezi honek ez du lurrean oina ondo ipintzen uzten eta umearen garapena aurrera doan heinean, orpoaren gainean pisua ipintzeko joera hartzen du, oin guztia lurrean ipini beharrean.

Tratamendua

Hau tratatzeko Ponseti metodoa erabiltzen da. 8 asteetan zehar Akilesen tendoia tratatu eta postura birkokatzeko ferulak ipintzean datza tratamenduak. Kasu batzuetan nahitaezkoa izaten da ebakuntza egitea. Diagnostiko eta fisioterapia goiztiarrak ezinbestekoak dira kasu larriak ekiditeko.

Ponseti metodoarekin landu ostean, haur fisioterapia gomendagarria da mugikortasuna landu, ehunen malgutasuna handitu, orbaina tratatu (baldin badago), gihardura landu eta ondo ibiltzen irakasteko, besteak beste.

Gai honen inguruan zalantzarik baldin badaukazu edo zure haurrak horrelako arazoren bat duela uste baldin baduzu, galdetu egiguzu eta gustu handiz lagunduko zaitugu.

Ondorengo estekan, Instagrameko gure orrian gai honen inguruko argazki gehiago ikus ditzakezu.

Oparirik ederrena

Badakizue Akiles Fisioterapeutasen osasuna dugula ardatz, kontzeptu hau bere osotasunean landuz. Horregatik eta hau kontutan izanik, gabon hauetarako oparirik ederrena proposatu nahi dizuegu. Osasuna oparitzea. Gure oparirik ederrena, zure eta zure gertukoen osasuna zaintzea baita.

Baina zein opari proposatu diezazukegu Akilesetik? Aukera ezberdin asko dauzkagu eta ondorengo egunetan joango gara hauek zuei aurkezten. Adi egon zaitezte beraz, gure sare sozialetan (Instagram y Facebook) eta web orriko berrietan azalduko baitizkizuegu.

Hasteko, zer hobe fisioterapia saio bat oparitzea baino?

Kasu honetan, oparia jasotzen duenak erabaki dezake zer nolako tratamendua jaso nahi duen eta horretarako, gure esku dauzkagun baliabide guztiak erabiliko ditugu: esku terapia, osteopatia, jarduera fisiko terapeutikoa, entrenamendu aholkuak,…

Aukera honekin benetan opari ederra egingo duzula!!!

JARDUERA FISIKO TERAPEUTIKO ONKOLOGIKOA

Saio batzuk kalean egiten ditugu

Jarduera fisiko terapeutiko onkologikoa hasiberri dugu

Urtebete baino gehiago proiektua prestatzen aritu ostean, azkenean hasi dugu!!! Urrian, jarduera fisiko terapeutiko onkologikoa egiten hasi gara.

Akilesen prozesu onkologiko bat duten pazienteekin asko lan egiten dugu: ebakuntza aurreko eta osteko tratamenduak egiten ditugu, orbainak tratatu, eskuko drainatze linfatikoak egin, mugikortasuna berreskuratzeko ariketak,… eta orain, taldekako jarduera fisikoa egiteko proiektu berri hau hasi dugu.

Orain dela urtebete baino gehiago hasi genuen proiektu honen prestakuntza: programaren planteamendua, planifikazioaren garapena (ikerketa zientifikoak aintzat hartuz), bilerak, partehartzaileen aukeraketa, partehartzaileen medikuekin harremanetan jarri hauen oneritzia izateko,… eta azkenean, proiektua martxan jarri dugu.

Zein helburu dauka programa honek?

Programa honen helburuak mugikortasuna, indarra, gaitasun aerobikoa, oreka, koordinazioa,… hobetzea dira. Baina helburu nagusia, jarduera fisikoko eta bizitza aktiboko ohiturak sortu eta beraien kabuz landu ahal izateko herramintak ematea da.

Proiektu honekin liluratuta gaude. Partehartzaileak (oraingoz denak emakumeak) oso animaturik daude eta lan handia egiten dute egunero. Eta dagoeneko esan digute, proiektua bukatu ostean, hau bukatu eta jarraitzeko gogoa daukatela (oso seinale ona, ezta?). Eta horrela lan egitea zoragarria da!!! Espero dugu proiektuak hasi bezain ondo aurrera jarraitzea eta etorkizunean talde gehiagorekin egin ahal izatea.

#onkologia #fisioterapia Akiles Fisioterapeutas Bilbao

Astelehena

Belauneko flexioa lantzeko ariketak egiten

Badakizue gure lana maite dugula ❤️ askotan esan dizuegu. Baina badakizue astelehenak astelehenak direla, are gehiago abuztuan. Baina gaurkoa berezia izan da. Gaur oso ondo hasi dugu eguna! 🤩

Jakin nahi al duzue zergatik izan dugun astlehen on bat?

Azkeneko asteetan tratatzen ari garen kirol fisioterapiako paziente bateri buruz hitzegingo dizuegu gaur. Belauneko ebakuntza izan duen paziente bat da, aurreko lotailu gurutzatua eta meniskoaren ebakuntza izan du orain dela aste batzuk. Lesio gogor bat da, errehabilitazio prozesu luze bat behar izaten duena (6 hilabete inguru kirola berriro egin ahal izan arte).

Kasu honetan, bere medikuak astiro joatea erabaki du eta honek, belauna beranduxeago mugitzen hastea ekarri du. Horregatik, belaunaren flexioa irabaztea kostatzen ari zaigu eta nahi genukeena baino mantsoago doa prozesu hau. Eta horrelakoetan, buruak ere gorabehera izugarriak izaten ditu.

Baina bera oso langilea da eta tratamenduarengan eta guregan duen konfidantza, izugarria. Honek posible egin du gaurkoa superastelehen bat izatea. Belaunaren flexioak 90ºen langa gainditu du gaurkoan. Hau puntu garrantzitsu bat da, belaunaren mugikortasunaren irabazia ez baldin bada behar bezain azkar joaten eta markatutako epean 90ºko flexioa ez baldin badugu lortzen, adherentziak kentzeko beste kirurgia bat egitea planteatzen baita kasu askotan.

Honetaz gain, gaur, 4 hanketan lan egin ahal izan dugu lehen aldiz eta honek ariketa gehiago egin ahal izatea ahalbidetzen digu. Guzti honek izugarrizko irribarrea ipini du gure aurpegian (ez dakit bietako nor poztu den gehiago!). Zein ondo egingo dugun lo gaur!

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies