Olatz

Olatz

Beroa iritsi da!

Zure gorputzak likidoak metatzeko joera badu edota barizeak edo edemak baldin badituzu, eguraldi beroa iristen denean, sintoma hauek okerrera egin dezakete.

Baina, zer da edema bat?

Likido plamatikoak odol-hodietatik ehun interstizialetara ateratzerakoan sortzen dira edemak. Hanketan ematen denean, hanken tamaina handiturik ikusiko dugu zati batean edo osotasunean. Hanketako edemak zurrunak ala bigunak eta gorriak ala zuriak izan daitezke eta edema daukan azal zati bat hatzamarrarekin sakatzen dugunean, hatzamarra kendu ostean bere marka nabarituko dugu hankaren zati horretan. Honi, fobea deitzen zaio. Edema honek jatorri ezberdinak izan ditzake, horregatik diagnostiko bat izateko medikuari galdetzea gomendatzen da.

Zelan eragiten du beroak?

Udaberrian eta udan, tenperaturak gora egiten duen heinean odol-hodiak dilatatu egiten dira zainen lana zailago eginez eta honek edemak sortzeko aukera areagotzen du.

Zer egin dezakegu udan edemak ekiditeko?

Zutik ala eserita mugitu gabe denbora luzez egotea saihestu.

Dutxatzerakoan ur beroegirik ez erabili eta dutxa ur hotzarekin bukatu, beti ere ura oinetatik izterretara bidaliz.

Eguzkitan jartzea eta beroa ematen duten gauzak saihestu: depilatzeko argizaria, sauna, bainu bero luzeak,…

Jarduera fisiko aerobiko arinak burutu: ibili, igeri egin, bizikletan ibili,…

Loditzea ekidin elikadura zainduz. Alkohola, kafea eta tabakoa saihestu.

Gauean, etzanda gaudenean, hankak gorputzenborra baino gorago ipini kuxin bat erabiliz.

Oso estua den erroparik ez erabili (galtzak, zapatak, galtzerdiak,…).

Konpresio mediak erabili.

Fisioterapeuta batengana jo eskuzko drainatze linfatiko eta presoterapia saioak jasotzeko.

Zer da eskuzko drainatze linfatikoa?

Fisioterapeutok erabiltzen dugun esku terapiako teknika bat da. Masai goxo baten bitartez, hodietatik kanpora atera diren likido eta sustantzia toxikoak sistema linfatikoan sartzea lortzen dugu eta sistema hau aktibatzen dugu likido hau eta sustantzia kaltegarriak desagertarazteko. Teknika honen bitartez, zainen eta sistema linfatikoaren arazoek sorturiko molestiak gutxituko ditugu eta edemak sortzea ekidingo dugu.

Zer da presoterapia?

Izterreraino iristen diren bota batzuk ipintzen zaizkio pazienteari eta hauek konpresioa eta deskonpresioa sortzen dute zainetako odol sistemari lagunduz.

Akilesen, udaberri honetan hankak ondo zaintzen lagundu zaitzakegu. Galdetu egiguzu!

 

Zorionak Berta!!!

Ez dugu eguna bukatu nahi gure lankide Berta zoriondu gabe. Zure eguna disfrutatu izana espero dugu. Mila esker pintxoengatik eta txokolatezko bizkotxo zoragarri horrengatik. Izugarria!!!

Musu handi bat talde osoaren partez eta urte askotarako!

Iker, hurrengoan izango da, hau galdu egin duzu eta 😉

 

Zaku termiko solidarioak

Akiles Fisioterapeutas  LINCECI elkartearekin kolaboratzen hasi da.

Zaku termiko solidarioak

Zer da LINCECI?

LINCECI, haurren minbiziaren kontrako Peruko elkarte bat da. Madrilen eta Zaragozan egoitzak ditu eta bertatik egiten dute erakundearen gestioa eta koordinakuntza. Beraien helburua, minbizia duten haurrei laguntzea da, tratamenduak jasotzeko diru baldintza eskasak dituzten familiei lagunduz. Ondorengo 3 baldintzak betetzen direnenan egiten dute lan:

  • HAURTZAROA.
  • Pobrezia.
  • Minbizia.

Elkartearen helburuak hauek dira:

  • Haurrei eta gutxienez, gurasoetariko bati alojamendua eta elikadura eskaintzea.
  • Euskarri mediko osoa: gestioan laguntza, tratamentuak eta zainketa aringarriak.
  • Laguntza psikologikoa. Erabaki zailen aurrean aholkuak, elkarlana,…

Orain, lortutako diruaren bitartez, “CASA RODRIGO” aterpetxea mantentzen eta IREN SUR ospitalearen pediatria-area material medikuz hornitzen ari dira.

Ondorengo esteken bitartez informazio osoa ikus dezakezue: www.linceci.org.es eta elkartearen Facebook orria.

Akiles Fisioterapeutas-en egiten ari garen kanpaina solidarioa

Guk ere LINCECIri lagundu nahi diogu eta horregatik zakutxu termiko batzuk dauzkagu bertan. Zaku bakoitzarengatik ordaindutako dohaintza 14€koa da eta LINCECIk jasotzen duoso-osorik, lehen aipaturiko proiektuetara zuzentzeko.

Zakutxu hauek hotza zein beroa aplikatzeko baliko dute eta Akileseko lan taldeak beharrezkoa duzun informazio guztia emango dizu zure lesioan behar bezala aplikatzeko. Espero dugu zuen gustokoak izatea.

Ondorengo bideo honetan ikus dezakezue LINCECIren inguruko informazio gehiago.

 

 

Hurrengora arte, Nahia!

Nahia, gure praktiketako ikaslea

Azkeneko hilabetean, aspaldi egiten ez genuen zerbait egin dugu berriro ere: fisioterapiako ikasketak burutzen ari den ikasle bat izan dugu praktiketan Akiles Fisioterapeutasen. Nahia hain zuzen ere, Holandako unibertsitate batean ikasten ari den ikasle bikaina eta inolako zalantzarik gabe, fisioterapeuta ikusgarri bat izango dena. Nahiak, gure artean praktikak burutzea proposatu zigunean, zalantza izpi bat sortu zen gure artean, gure lan egiteko modua dela eta, ez bait genion pazienteekin bera bakarrik egoteko aukerarik eskainiko. Gure planteamendua ondorengoa izan zen: saioetan fisioterapeuta batekin egon, honek egiten duena ikusi eta momentu puntual batzuetan tratamenduarekin laguntzea, pazientearen lesioen eta tratamenduaren inguruko azalpenak ematen genizkion bitartean. Berak, baiezkoa eman zigun eta horrela hasi zen gure abentura berria.

Denok ikasten dugu zerbait horrelako esperientziekin

Horrelako esperientzia batekin denok ikasten dugu zerbait: ikasleak, beti ikasten du zeozer praktiketan (normalean, unibertsitatean bertan baino gehiago). Nahiz eta batzuetan, ziur nago, horrenbeste azalpenekin buruak eztanda egingo ziola pentsatu arren; fisioterapeutoi ere, egiten dugun lanaren inguruko ausnarketa sakon bat egiteko aukera ematen digu; eta pazienteek, normalean ematen dizkiegun azalpenak baino gehiago ematen ditugunez, beraien tratamentuaren nondik norakoaren beste ikuspegi bat jasotzen dutelako.

Ziur errepikatuko dugula

Ez da izan praktiketako ikasle bat dugun lehen aldia, baina urteak izan dira horrelako esperientzia bat errepikatzen ez genuela. Baina oso esperientzia polit eta aberasgarria izan denez, ziur nago, berriro ere errepikatuko dugula. Eskerrik asko Nahia, oso gustora egon gara zu gure artean egon zaren bitartean. Hurrengora arte!!!

 

Berritzea, ezinbestekoa: Hipopresiboak Skype bidez

Skype bidezko Hipopresiboak

Paciente de Akiles Fisioterapeutas realizando hipopresivos.
Akiles Fisioterapeutaseko paziente bat hipopresiboak egiten

Bai, ondo ulertu duzue. Denok dakigu teknologia berriak iristearekin bat, berrikuntza sakon bat eman dela lan postuetan azkeneko urteetan, baina ez genuen uste gimnasia abdominal hipopresiboko saioak Skype bidez emango genituela Akiles Fisioterapeutasen.

Esan bezala, garaiak aldatuz doaz eta gure pazienteen beharretara moldatu beharra dago. Kasu honetan, Gabonetan tratatu genuen paziente batek proposatu zigun hau. Erditze osteko tratamendu bat egitera etorri zen Akilesera, baina kanpoan bizi da eta Bilbotik alde egiteko ordua iritsi zeneam, hipopresiboak Skype bidez egiten jarraitzeko aukerarik genuen galdetu zigun. Froga egin genuen eta hasiera batean zelan aterako zen ez genekien arren, primeran atera da!

Atzo beste saio bat burutu genuen eta nahiz eta ikutzea ezinezkoa izan, hitzen bitartez aginduak eta aholkuak eman ditzakegu eta hipopresiboen sekuentzia egiterakoan, aste batetik bestera izaten ari den hobekuntza ikus dezakegu.

 

Erditze ostean hipopresiboekin lor ditzakegun onurak

Erditze ostean, egitura eta ehun asko dira bere onera bueltatu beharrekoak: postura, gihar tonua, abdomeneko giharduraren tonua, zoru pelbikoa,… Hau lortzeko erarik erraz eta azkarrena hipopresiboak egitea da.

Gimnasia mota hau ez da erditze ondorengo lehen egunetan egin behar. Sei aste inguru itxaron beharra dago eta egiten hasi aurretik ginekologoaren eta zoru pelbikoan aditua den fisioterapeuta baten balorapena egitea gomendatzen da.

Lor ditzakegun onurak hauek dira:

  1. Posturaren berregokitzea
  2. Gerriko minen gutxitzea
  3. Abdomeneko gihar zuzenen arteko diastasiaren hobekuntza
  4. Abomeneko giharren tonifikazioa
  5. Zoru pelbikoko giharduraren tonifikazioa
  6. Erraien prolapsoak ekiditzea edo hauen hobekuntza
  7. Gernu galeren murriztea edo desagertzea

Azekenik, gogoratu nahi dizuegu, Akiles Fisioterapeutasen uneoro martxa jartzen ditugula hipopresiboko talde berriak.

 

HIPOPRESIBO TALDE BERRIA

HIPOPRESIBOAK. OSTIRALETAN, 19.00etan

Datorren ostiralean, otsailak 23, gimnasia abdominal hipopresibo ikastaro berri bat egingo dugu. Hurrengo 5 ostiraletan izango da, arratsaldeko 19.00etan. Ikastaroaren salneurria, 50€koa da. Anima zaitezte!

GAREZUR-MASAILEZUR ARAZOAK

Sarritan esan izan dizuegu fisioterapia maite dugula eta honek gugan sortarazten duen jakinmina etengabe handituz doala. Hori dela eta, etengabe formatuz gabiltza eta ikastaro bat egiten ari garen bitartean, hurrengoa hasteko irrikitan ibili ohi gara. Eta horixe da hain zuzen ere asteburu honetan gertatu zaidana. Garezur-masailezur arazoak nola tratatu ikasteko ikastaro batean izan naiz, orain dela urte batzuk gai honen inguruan egindako ikasketei ikuspuntu berri bat emateko asmoz eta hau bukatu baino lehen, hurrengoekin ametsetan ikusi dut nire burua: neurodinamia, garezurreko gaitzetan gehiago sakondu, optometria eta ikusmen arazoak,… Baina hauek egin baino lehen, gaur, garezurreko eta masailezurreko arazoek duten garrantziari buruz eta hauek, lepa ornoetan eta aurpegiko minarekin duten loturaren inguruan hitzegin nahi dizuet.

Zergatik dira hain interesgarriak masailezurreko gaitzak?

Helduen artean, populazioaren %50ak garezur-masailezur arazoekin lotura duen seinu kliniko bat edo gehiago dituelako. Gainera, esan beharra dago, hortzetako minaren ostean, hau izan ohi dela aurpegiko mina sortzen duen bigarren gaitza eta hain ohizkoa izan arren, hau jasaten dutenen %10ak besterik ez du tratatzea erabakitzen.

Baina, hain ohizkoa bada, zergatik jendeak ez du tratatzen?

Kasurik gehienetan, ezjakintasunagatik. Askotan sintomei jaramonik ez diegulako egiten (betidanik izan ditugunez normaltzat hartzen ditugulako) edota garrantziarik ematen ez diegulako. Sintoma hauen artean, lo ondorengo buruko edo ahoko mina, ahoa irekitzerakoan zaratak edota masailezurraren desbideratzeak, buruko mina, lepoko mina,… ditugu. Honekin jakinarazi nahi dizueguna, egoera hauek fisioterapiaren bitartez tratatu eta portzentai handi batean, sintoma hauek arindu edo desagertarazi ditzakegula da.

Eta zelan tratatzen ditugu garezur-masailezurreko arazoak?

Akilesen inoiz tratamendurik jaso izan baduzue, jakingo duzue gerri inguruko minarekin etortzen bazarete, ez dugula gerria soilik tratatzen, ezta? Ba masilezurrarekin eta garezurrarekin gauza berbera gertatzen zaigu. Tratamendua ikuspuntu ezberdinetatik bideratzen dugu. Alde batetik buruko, aurpegiko eta lepoko giltzadurak, gihardura eta faszia tratatzen ditugu. Baina ez hori bakarrik, nerbio sistema tratatzen dugu neurodinamiako tekniken bitartez, postura lantzen dugu eta etxean egiteko ariketak erakusten dizkizuegu. Honetan gain, tratamendu orokor bat egin behar dugunez, gorputz guztia aztertzen dugu beste arazo batzuk bilatzeko asmoz, bizkarrezurrari eta diafragmari garrantzi handia ematen diegularik.

 

Horregatik, horrelako tratamenduak probatzera animatu nahi zaituztet. Ez zarete damutuko. Edo garezur-masailezurreko arazo bat duen populazioaren %50aren parte izaten jarraitu nahi duzue?

Zorionak Aritz!

28 urte!!!

Gaur Aritzek urteak betetzen ditu. Lan egitea tokatu den arren, espero dugu egun ederra pasa izana. Zorionak!!!

WEB ORRI BERRIA DUGU!

Azkenik hemen dugu gure web orri berria. Oso pozik gaude emaitzarekin eta espero dugu zuek ere gustoko izatea. Gure helburua, web orri ulerterraz eta argi bat sortzea izan da, Akilesen eskeintzen duguna ezagutzea ahalbidetzeko. Mila esker Borja eta Roke egin duzuen lan zoragarriagatik, oso gustora egon gara zuekin lanean.

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies