Zoru pelbikoaren balorazioa

Gaur, kirol praktika bat egin aurretik zoru pelbikoaren balorazioa egiteak daukan garrantziaz hitzegin nahi dizuegu. Irailaren etorrerarekin bat, ikasturte berriari begira kirol ohiturak berreskuratu ohi ditugu, baina hauekin hasi aurretik gure zoru pelbikoaren egoera zein den ezagutzea oso interesgarria da. Nahiz eta sintomarik ez izan, funtzio galera bat izan dezakegu gure zoru pelbikoan eta ondorioz jarduera batzuk ez dira gomendagarriak izango eta aldiz, zoru pelbikoko gihardura indartzeko helburua duten beste ariketa batzuk egin beharko genituzke.

Baina zergatik egin behar dugu zoru pelbikoaren balorazioa sintomarik ez badaukagu?

Zoru pelbikoaren disfuntzio batzuk, hasiera batean, guztiz asintomatikoak izan daitezkeelako. Hau da prolapsoen hasierako uneetan gertatzen dena adibidez. Prolapsoak, pelbiseko erraien jeitsiera dira. Zoru pelbikoaren kasuan prolapsoak jasaten dituzten erraiak ondorengoak izan ohi dira: umetokia, bagina, puxika, uretra edo ondestea. Kasu batzuetan, tratamendu ezean, errai hauek kanpora ere atera daitezke. Jarduera fisiko batzuek, jauzi eta inpaktuen ondorioz, prolapsoen egoera okertu dezakete. Horregatik, kirol praktikarekin hasi aurretik zoru pelbikoaren balorazioa egitea gomendatzen da. Gainera, prolapsoek tratamendua dute eta hau errezagoa izango da arazoa zenbat eta lehenago antzeman.

 

Eta iada sintomak agertu baldin badira?

Emakume askok gernu galerak izaten dituzte esfortzu fisikoen aurrean. Publizitatearen eraginez pentsa dezakegu gernu galera hauek normalak direla, adindun emakumeengan eta ama izandakoengan batipat. Baina ohikoak izan arren, gernu galerek zoru pelbikoaren disfuntzio bat adierazten digute eta tratatuak izan behar dira. Galera hauek jatorri ezberdinak izan ditzakete: giharren tonu falta, uretraren atzekaldeko hormaren mugikortasun handia, gernu egite ohitura ezegokiak,… Hauek, inkontinentzia mota ezberdinak sortaraz ditzakete: esfortzuzkoa (esfortzu bat edo jarduera fisiko bat egiterakoan itxiera mekanismoak modu egokian aktibatzen ez direnean), premiazkoa (detrusor deituriko gihardura gehiegi aktibatzen denean ematen da. Kasu honetan txiza egiteko gogo larriak agertzen dira, gernu galerak sortuz) eta aurreko bien nahasketa ere eman daiteke. Lehen esan bezala, tratatu beharreko funtzio galerak dira eta zenbat eta lehenago tratatzen hasi, hobe. Askotan ariketa soil batzuk egin, postura zaintdu edo hipopresiboak egitearekin soilik aski da.

Ez dut lehenago hipopresiborik egin. Zoru pelbikoa ahul dudala esan nahi du honek?

Ez. Lehenago hipopresiborik  egin ez izanak ez du esan nahi zoru pelbikoaren gihardurak hipotonia bat duenik. Baina eguneroko bizitzan egiten ditugun gauza askok (barre egiteak, eztulak, doministikuek, pisuak jasotzeak, kirol praktikak,…) sabel aldeko presioa handitzen dute eta honek pelbiseko egiturak beheruntz bultzatzen ditu zoru pelbikoan hiperpresio bat sortuz. Gazteak garenean gihardura indartsu dagoenez eta hormonen eraginez, nahiz eta hiperpresio hauek eman, ez dute ondoriorik izaten. Baina haurdunaldien ostean eta menopausiaren ondorioz hormona aldaketak izaten direnean, orduan agertzen dira lehenengo gernu galerak edota prolapsoak.

 

Zergatik dira onak hipopresiboak?

Ariketa mota honen bitartez sabelaldeko gihardura sakonaren eta zoru pelbikoko gihgarduaren aktibazio erreflexu bat bilatzen dugu, diafragmaren eragina eragoztearekin bat. Honen ondorioz “xurgatze” efektu bat ematen da aurrez aipaturiko giharren zuntzak aktibatuz. Aktibazio hau ez ohi da ematen beste jarduera fisiko batzuen bitartez, horregatik dira interesgarriak hipopresiboak. Ariketa hauek egiterakoan daukagun helburua, gihar hauen erreprogramazio bat lortzea da, atsedenaldiko gihar tonua hobetuz. Horrela, gihardura hau, momentu zehatz batzuetan ematen diren presio igoera bortitzak jasateko gai izango delarik, hala nola barre egiten dugunean edo doministiku egiterakoan.

 

Aspaldi nabil hipopresiboak egiten eta ez dut aldaketarik antzeman. Zergatik?

Agian ikusiko zenuen nahiz eta hipopresiboak egin zoru pelbikoa ahul nabaritzen duzula edota sabelaldearen tamaina ez dela txikitu. Zergatik? Ziurrenik, sabelaldeko gihardura desprogramaturik dago eta ariketak egiterakoan ez zara gai gihar hauek aktibatzeko. Askotan, postura egokia dela ematen du eta kanpotik ikusita hipopresiboa ondo egiten duzuela iruditu arren, sabelaldea ikutzerakoan ikus dezakegu gihar hauek ez direla aktibatzen. Horregatik ikutzen dizuegu sabelaldea behin eta berriro hipopresiboak egiterakoan. Ariketak ondo egiten dituzuela ziurtatzeko ezinbestekoa da saioak talde txikietan edo bakarka egitea, norbanako bakoitza baloratu ahal izateko.

Zoru pelbikoaren tratamenduen inguruko edo hipopresiboen inguruko informazio gehiago nahi baldin baduzu, jar zaitez gurekin harremanetan.

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies